XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Nola banan daitezke materialen osagaiak?

Esperientzia hau egin baino lehen, ikasleek planifikatu egin behar dute taldeka.

Zer egin behar da kasu bakoitzean? Zein pauso eman behar dira? Zein dira beharrezko materialak? Ba al dago arriskurik esperientzia egiterakoan?

Honela, era ordenatuan lan egitera ohituko dira pixkana-pixkana, eta eginbeharra ez da aktibismo itsua izango, lan emankorra baino.

Talde ezberdinek proposatutakoa denen arteko saioan azal daiteke, irakasleak koordinatzaile-lanak egingo dituelarik.

Garrantzi berezia emango diogu lana txukun eta ordenatuta aurkezteari.

Hori da jarduera honen helburu nagusia, ordena eta txukuntasun-ohiturak (Kimikako praktiketan material-mordoxka erabiliko dela kontuan harturik) ezartzen hastea, ixtripuak saihesteko, 2. helburuaren hasierako ebaluazioa egiteaz gain.

Sistema heterogeneoak ditugu bi kasuetan.

Lehenengoan osagaiak ez dira uretan disolbatzen, eta osagai batek uretan flotatzen du.

Dentsitateari buruz ikasitakoa gogoratuz, ura gehitzerakoan dentsitatearen arabera kokatzen dira bi osagaiak.

Iragazketa baten bitartez zerrautsa aterako dugu (bustita, noski), eta geroago, beste iragazketa baten bitartez harea bananduko genuke (hau ere bustita).

Lehenengo iragazketak direnez, iragazki-paperezko inbutuak egiten erakutsiko diegu ikasleei.

Bigarren kasuan, baditugu uretan disolbatzen den osagaia (gatza) eta flotatzen duena (kortxoa).

Irabiatuz gero (zera galde geniezaieke ikasleei, ea erabilitako energia zein motatakoa den) errazago disolbatzen da gatza, eta iragazketaren bidez kortxoa banantzen da.

Gero, gatza berreskuratzeko, ura baporatzen utzi behar da, edo dena lurrindu arte irakinarazi.

Beste gauza interesgarri bat: gatz gutxi jartzen ez bada, ez da guztiz disolbatuko uretan, eta gasezko erregailua erabili beharko da.

Erregailua erabiltzerakoan, kontuz ibili behar da.

Labogas deitutakoetan erregaia propanoa da eta aire-kantitatearen arabera garrak ematen duen beroa kontrola daiteke (gehienezko berotasuna garra urdina denean lortzen da).

Erregailuarekin egindako lana bukatu bezain laster, ahaztu gabe, itzali egin behar dela esan beharko diegu ikasleei (lankideen segurtasuna jokoan baitago).

Dena den, hurrengo gaian landuko dira Kimikako laboratorioan izan behar diren segurtasun-neurriak Egoki iritziz gero, orain landu daitezke.